Zibersegurtasuna, adimen artifiziala, bideo-jokoak eta ziurtagiri digitalak izango dira bihar 14:00etan hasiko den Araba Encounter 08ko prestakuntza-jardueren ardatz nagusiak. Era berean, edizio honetako hainbat lehiaketa eta jolas-jarduera gai horietara bideratuko dira, gure mundua aldatzen ari baitira.
Topaketaren prestakuntza-izaerarekin bat etorriz, lanpartyaren eskaintza hezigarria osatzen duten 16 hitzaldiak doan ikusi ahal izango dituzte parte-hartzaileek zein interesa duen edonork. Besteak beste, aurpegia ezagutzeko sistema bat martxan jartzen ikasiko dute partaideek, baita adimen artifiziala beso robotikoei aplikatzen ere. Energiaren arloko eraldaketa digitalaren gakoak ezagutu eta zibergaizkileen azken mehatxuetatik babesteko jarraibideak ere jasoko dituzte.
Gaur egungo osasun egoerak online formatuaren aldeko apustua egitera behartu ditu antolatzaileak. Parte-hartzaile guztiak beren etxeetatik jardungo dira eta antolatzaileek, berriz, Arabako Parke Teknologikoan jarriko den kontrolgunetik koordinatuko dituzte jarduerak. Topaketa doakoa izango da, eta programa osatzen duten jolas- eta prestakuntza-jarduera guztietan parte hartzeko eskubidea ematen duten 340 plaza eskainiko ditu. Zehazki, Araba Encounterreko egitarauak 52 jarduera hartuko ditu, prestakuntza-hitzaldiak eta arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta bideo-jokoetako lehiaketak barne.
Teknologia berrien zaleentzako topagunearen jarduera zuzenean jarraitzeko aukera izango da, larunbatean eta igandean, Araba Encounterren Twitch-eko kanalaren bidez (www.twitch.tv/euskalencounter). Aldi berean, parte-hartzaileek elkarrekintzan jardun ahal izango dute, antolakuntzak eskura jarritako komunikazio-kanal desberdinen bidez.
Ekitaldia Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntzarekin, SPRIren bitartez.
Antolatzaileak ziur daude Araba Encounterren online edizio honetan, aurretik egindako Encounter birtualetan bezala, agerian geratuko dela partaideen lankidetzarako borondatea. Izan ere, Euskaltel Fundazioak antolatutako Encounter hitzorduen DNAn dago elkarrekin ikasi eta ondo pasatzeko filosofia. Festa teknologiko hauen xedea da, hain zuzen, pertsonen, enpresen eta egitasmoen arteko loturak sortu eta bultzatzea, IKT-en testuinguruan.