Teknologia berrien zaleek Araba Encounterreko plaza guztiak hartu dituzte eta 52 ekintzaz gozatuko dute igandera arte

Encounter festa teknologikoen zaleek ez diete topaketa birtualei hutsik egin, eta beste behin ere bete egin dituzte Araba Encounterrek eskainitako 340 plazak. Online bilkurek partyen eskaintza murriztu egiten badute ere, leial jarraitzen dute parte-hartzaileek, hitzordu presentzialak iritsi artean. Gaur hasi da arabar topaketaren zortzigarren edizioa, 14:00etan, eta 52 jarduera izango dira datozen egunotan: hitzaldi eta prestakuntza-tailerrak, jokoak, nahiz sormen digital, software libre, hardware eta bideo-joko lehiaketak.

Party teknologiko birtualak COVIDak eragindako isolamenduari aurre egiteko tresna baliagarriak direla azpimarratu dute Araba Encounterren inaugurazioan hitza hartu duten agintariek, Twitch plataformaren bitartez.

Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren diputatu Pilar García de Salazarrek adierazi du online formatuak Encounterren izpiritua bizirik mantentzen laguntzen duela. Gainera, baieztatu du hitzordu teknologiko honek Araban duen harrerak agerian uzten duela banda zabalaren hedakuntza plana arrakastatsua izan dela. Plan horri esker, zuntz optikoa arabar herri guztietara eraman dutela argitu du. Halaber, datorren Araba Encounter presentzialki ospatzeko nahia adierazi du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizartearen arloko zuzendari Leire Madariagak nabarmendu du pandemia garaian balio handia duela horrelako teknologia-ekitaldiak antolatzea. Hitzordu hauen izaera ere txalotu du, arlo ludikoa prestakuntzarekin eta lehiaketekin uztartzen baitituzte. Egunotan zehar eskainiko diren doako hitzaldiak ere azpimarratu ditu.

Arabako Teknologia Parkeko gerente Miren Bilbao pozik agertu da Araba Encounterren kontrolgunea bertan hartzeagatik. Berrikuntza eta eraldaketa digitala parke teknologikoen erronkak direla esan du, eta gai horiek, hain zuzen, topaketa teknologikoaren ardatz izango dira. Parte-hartzaileak “gozatu eta ikastera” animatu ditu, “gizarteak, enpresek eta teknologia-parkeek talentu eta ezagutza berriak behar dituztelako”.

Euskalteleko presidente Xabier Iturbek Euskaltel Fundazioak egin ohi dituen lanpartyak birtualki gauzatzeko apustua goraipatu du, eta antolakuntza-taldea zoriondu du parte-hartzaile eta ekintza kopurua ia bere horretan mantentzeagatik. Horrez gain, babesleen laguntza eskertu du, ekimen hauen alde apustu egiten jarraitzeagatik.

Telebista-platoa streaming bidezko emankizunerako

Teknologia berrien zaleentzako topagunearen jarduera zuzenean jarraitzeko aukera izango da, gaur eta bihar (larunbata), Araba Encounterren Twitch-eko kanalaren bidez (www.twitch.tv/euskalencounter). Aldi berean, parte-hartzaileek elkarrekintzan jardun ahal izango dute, antolakuntzak eskura jarritako komunikazio-kanal desberdinen bidez.

Ekitaldia Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntzarekin, SPRIren bitartez.

Antolatzailea

Euskaltel Fundazioa
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 y 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera y 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 688 92 90 88
E-mail: press@euskalencounter.org

 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch