Prestakuntza eta berrikuntza aldarrikatzen dituzte adituek ziberdelinkuentziaren arriskuei aurre egiteko

Oinarrizko segurtasun neurriak ezagutzea da ziberdelinkuentziari aurre egiteko modu onena. Izan ere, teknologia berrien bitartez jasotzen ditugun mehatxuak, gure ordenagailuetan edo sakelako telefonoetan, gero eta ugariagoak dira.

EuskalHack elkarteko Roberto Casadok teknologia berrien bitartez gauzatzen diren engainu-saiakera ugarien aurrean erne egotearen garrantziaz ohartarazi du. Hain zuzen, eraso horiek bereziki eragiten diete gaztetxoei eta adintsuei.

Casadoren esanetan ezinbestekoa da, gizarte gisa, ziberdelitungitzari aurre egiteko behar bezainbeste baliabide jartzea, irabazi gehien pilatzen ari den legez kanpoko industrietako bat baita gaur egun. Hori dela eta, legegintza-esparru malguagoa eskatu du jarduera kriminalari aurka egiteko, pertsona eta enpresa asko kalte larriak jasaten ari baitira.

Zehazki, hainbat ekintzarekin kontu handiz ibiltzea gomendatzen dute zibersegurtasun enpresek; esate baterako, gure ekipoetan aplikazioak instalatzearekin, internet bidezko erosketekin eta phishing kasuekin. Azken horietan, delitugileek, enpresa ezagunen itxura hartuz, email edo mezu bidalketa masiboak egiten dituzte herritarrak webgune faltsuetara eraman eta haien datuak eskuratzeko. Horrela, haien banku kontuetatik lapurtu edo informazio garrantzitsuak enkriptatzen dituzte bahisari handiak lortu ahal izateko.

Interneten identifikatzen gaituzten ziurtagiri digitalei buruzko hitzaldia eskaini du, hain zuzen, Aiara Valley enpresako Venan Llonak, eta jakinarazi du administrazio publikoek tramiteetan gero eta gehiago eskatzen dituztela. Euskadin aldaketa nabarmena izango da datorren urtean TicketBAI sistemaren ezarpenarekin. Hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean garatutako proiektuak helburu du lege-betebehar eta teknika komunak ezartzea fakturak eta tiketak egiteko garaian.

Adimen artifizialak robotikan eta aurpegien ezagutzan dituen aplikazioak ere aztergai izan dira Araba Encounterren, eta programazioan nahiz bideo-jokoetan oinarritutako tailerrak ere burutu dira. Prestakuntza-saioak ikusgai geratuko dira Euskal Encounterren Youtubeko kanalean, interesa duen edonorentzat.

Bestalde, teknologia berrien zaleentzako topagunearen jarduera zuzenean jarraitzeko aukera dago gaur gauera arte, Twitch-eko kanalaren bidez (www.twitch.tv/euskalencounter).

Aurreikusita zegoen bezala, aurtengo Araba Encounterrak ere agerian utzi du partaideen lankidetzarako borondatea. Izan ere, Euskaltel Fundazioak antolatutako Encounter hitzorduen DNAn dago elkarrekin ikasi eta ondo pasatzeko filosofia. Festa teknologiko hauen xedea da, hain zuzen, pertsonen, enpresen eta egitasmoen arteko loturak sortu eta bultzatzea, IKT-en testuinguruan.

Euskaltel Fundazioak antolatutako topaketaren laguntzaile dira Euskaltel, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, SPRIren bitartez.

Antolatzailea

Euskaltel Fundazioa
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 y 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera y 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 688 92 90 88
E-mail: press@euskalencounter.org

 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch