Araba Encounter 08 borobila, parte-hartzaile, boluntario, babesle eta antolatzaileen elkarlanari esker

Araba Encounterren zortzigarren edizioa gaur amaitu da, 15:00etan, jardueraz beteriko hiru jardunaldiren ostean, eta balorazio oso baikorra egin dute antolatzaileek. Antolatutako 52 jarduerak aurreikusi bezala burutu dira, eta hitzordua baliagarria izan da teknologia-zaleek elkarrekin ondo pasatu eta ikasteko.

Antolatzaileek bereziki eskerrak eman nahi dizkiete festa teknologikoarekin bat egin duten 340 lagunei, Encounter topaketei leial jarraitzen baitute nahiz eta online formatuan izan.

Adimen artifiziala, ziurtagiri digitalak, zibersegurtasuna edo bideo-jokoak bezalako gai anitzak jorratu dituzte hainbat adituk 16 hitzaldi eta tailerretan, Internet bidez eta publiko orokorrarentzat zabalik. Interes handiko informazioa eskaini dute hizlariek eta pertsona ugarik jarraitu dituzte mintzaldiak zuzenean, Twitch eta Youtube plataformetan. Prestakuntza-saioak ikusgai daude Euskal Encounterren Youtubeko kanalean.

Festa birtuala

Arte digital, software libre, hardware eta bideo-joko arloetako dozenaka lehiaketetan lortutako parte-hartze maila party presentzialen parean mantendu dela azpimarratu dute antolatzaileek. Teknologia berrien zaleek hitzordu honekin duten konfiantzaren eta leialtasunaren seinale da datu hori; izan ere, egungo ezohiko testuinguruan ere topaketarekin bat egiten jarraitzen dute.

Aurretik egindako online bilkuretan bezala, parte-hartzaileak etxetik konektatu dira, Discord bidez, partyaren areto birtualetara. Era berean, antolakuntzak party presentzialetan erabiltzen duen tresna propioa, partyNet izenekoa, lehiaketak birtualki kudeatzeko egokitua izan da. Azkenik, Encounter familiaren azken bilkuretan bezala, Euskal Encounterren Twitcheko kanalaren bitartez igorritako saio batek egin du topaketaren jarraipena, jardueraren berri emanez eta elkarrizketa, erreportaje eta musika emanaldiak eskainiz.

Arabako Parke Teknologikotik gauzatu den ekimen birtuala Euskaltel Fundazioak antolatu du Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren (SPRIren bitartez) laguntzarekin.

Antolatzailea

Euskaltel Fundazioa
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 y 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera y 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 688 92 90 88
E-mail: press@euskalencounter.org

 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch